Lantalde profesionala duzu zain,
euskara irakasteko
Euskara ikasteko eskaintza zabala dago Buruntzaldean. Gaur egun, gainera, herri guztiek dute euren euskaltegia, eta guztiak HABEk homologatutakoak dira. Euskaltegietan lantalde handia dago eskualdeko herritarren euskalduntze eta alfabetatze premiak asetzeko. Gertukoa eta profesionala. Era guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte, gainera. Matrikulazio-epea zabalik dago, jada.
Inoiz baino errazagoa da Buruntzaldean euskara ikastea, bai euskaltegietan irakasleek lantzen duten metodologiarengatik, bai udalek ematen dituzten diru-laguntzengatik. Euskaltegietan profesional bikainak aritzen dira, herritarren euskalduntze eta alfabetatze premiak asetzeko. Gertukoak, kalitatezkoak, ikaslea gertutik hartzen dutenak. Hitz batean, profesionalak.
Dagoeneko zabalik dago 2018/2019 ikasturtean euskaltegietan matrikulatzeko epea, eta iraila bukaeran amaituko da. Horregatik, ez galdu aukera eta zatoz zure herriko euskaltegira!
Gaur egun, euskara ikasteko eskaintza oso zabala dago Buruntzaldean. Orotara, zortzi euskaltegi arituko dira: Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen AEKren euskaltegi bana, eta Hernani eta Lasarte-Orian bina euskaltegi, hots, udal-euskaltegiak eta AEKrenak. Honako hauek dira eskaintzen dituzten ikastaroak, guztiak HABEk homologatutakoak:
– Ikastaro presentzialak (erritmo eta ordutegi desberdinetakoak)
– Autoikaskuntza egunero euskaltegira joan ezin dutenentzat
– Ikastaro berezituak (gurasoentzat, etorkinentzat, merkatarientzat)
– HABEko 1.eta 2. mailako azterketak prestatzeko ikastaroak.
-EGAko eta HABEren 3. mailako azterketa prestatzeko ikastaroak
-MINTZALAGUNA: Aisialdian euskaldun zahar batekin euskara erabiltzeko egitasmoa (astean ordu bateko saioa)
Iaz 865 ikasle hartu zituzten euskaltegiek, eta Buruntzaldeko udalek aurtengorako ezarri duten helburua da datorren ikasturtean, gutxienez, 1.000 ikasle izatera iristea.
Ia doakoa
Buruntzaldean euskara ikastea, gainera, merkea da. Ia doakoa. Izan ere, Buruntzaldean euskara ikasteko diru-laguntzak jasotzen dituzte ikasleek, eta, esan bezala, kasu askotan ia-ia doakoa izateraino. Alde batetik, HABEk matrikula ordaintzeko beka ematen die dagokien ikasmaila gainditzen duten ikasleei. Eta, bestetik, Buruntzaldeko sei udalek diru-laguntza handiak ematen dizkiete bertako herritarrei euskaltegietan euskara ikasteko. Diru-laguntza horiek ezberdinak dira herriz herri, bai diru-kopuruari dagokionez, bai bete beharreko baldintzei dagokionez. Asistentzia da herri guztietan kontuan hartzen den baldintza, eta diru-laguntzaren zenbatekoa herriz herri aldatu egiten da, beste zenbait baldintzen arabera. Batez beste, matrikula kostuaren %75etik %100era arteko laguntzak ematen dituzte udalek.
Euskaltegiei buruzko informazioa ondorengo estekan topa dezakezue: www.buruntzaldea.eus ((http://euskara.buruntzaldea.eus/euskara/euskara-ikasi/euskaltegiak/aurkibidea/euskaltegiak) .
Andoaingo dirulaguntzak
Andoainen erroldatuta egonik, Andoaingo euskaltegian edo beste edonongo euskaltegi homologatutan euskara ikasketak egiten dituztenek aukera dute matrikularen % 85eko dirulaguntza jasotzeko (zirkunstantzia berezietan daudenek, matrikularen % 100). Autoikaskuntzan arituko direnek ere aukera bera izango dute, geheinez 664 euro ikasturte osoan. Informazio gehiago nahi duenak jo dezake Udaleko euskara Zerbitzura: telefonoa, 943300831.