hizkuntza ohiturak etxean hasten dira
Aspaldiko jolasa da honakoa:
«Ikusi makusi,
zer ikusi,
hura ikasi».
Jolas zaharra baina ez zaharkitua. Jolas zaharraren mezu bera ematera dator aurtengo «zer entzun, hura esan».
Euskararen erabilera da helburu duguna, eta edozein hizkuntzaren erabilerak lotura handia du ohiturekin. Ohitura duguna automatikoki egiteko joera dugu, baita hizkuntza kontuetan ere. Euskaraz aritzera ohitzen den haurrak heldutan ere «ohituraz», kasi oharkabean, egingo du euskaraz.
Baina ohiturak ez dira berez sortzen, ez dira zerutik erortzen: ohiturak sortu ere sortzen dira. Haurren ohituretan, baita hizkuntza ohituretan ere, zerikusi ikaragarria du, esate baterako, gurasoek beren aurrean egiten dutenak. Haurrak oso imitatzaile aurreratuak baitira, eta ikusten badute gurasoen hizkuntza ohikoa euskara dela, oso erraz eta modu naturalean joko dute euskarara. Aldiz, gurasoen ohiko hizkuntza gaztelania bada, gurasoak ahalik eta zintzoen imitatzen saiatuko dira haurrak eta, jakina, gaztelaniarako joera indartuko da beren ohikotasunean. Horregatik da garrantzitsua gurasoen hizkuntza portaera haurren hizkuntza ohiturak sortzerakoan. Esandakoa, «zer ikusi, hura ikasi», «zer entzun, hura esan». Horretaz atentzioa deitzera dator Buruntzaldeko udalok elkarrekin eta Gipuzkoako beste hainbat udalekin batera, Oarsoaldeko udalen ekimenez, aurten ere egin dugun kanpaina. Audioa hementxe duzu entzungai.