Kirmen Uribe idazleak jaso zuen hil honen 11n, Bastero Kulturgunean, 111 Akademiaren 2016ko saria, “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobelagatik hain zuzen ere. Izan ere, Jon Unanue 111 Akademiaren presidenteak azaldu zuenez, “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberria izan da 111 Akademia kideen artean bozka gehien bildu dituena. Andoaingo alkate Ana Carrere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbao andreak izan ziren idazle ondarrutarrari saria eman ziotenak.
Dagoeneko sustraiak ondo errotuak dituen Saria da 111 Akademiarena. Aurtengoa izan da 21. edizioa. Idazleek estimu handitan duten Saria da hau, irakurleak, irakurle arituak eta adituak baitira urtez urte Saria erabakitzen dutenak.
Kirmen Uribek hunkiturik zegoela aitortuz hasi zuen bere mintzaldia. Hunkiturik, irakurleek prozesu baten ondoren bozka bidez erabakitako saria delako, eta hunkiturik izan zituen gogoan bere familia, bera gaur idazle izatea ahalbidetu duten aurreko belaunaldiak, hildako lagunak eta bere emazte Nerea. “Bi amets izan ditut bizitzan: bata, idazle izatea, neurri batean bete dudana, betetzen ari naizena, eta bestea, are handiagoa, Nerearekin bizitzea”. Hitz horiekin amaitu zuen bere mintzaldia Uribek, behin eta berriz 111 Akademiari eta Larramendi Kultur Bazkunari eskerrak eman ondoren.
Gaztea bada ere, oso oparoa da, dagoeneko, Kirmen Uriberen literaturgintza. Poeta da, hainbat poesia liburu argitaratuak ditu, eta bere hizkera poetikoak bere nobelagintza ere blaitzen du. Oso estilo propioan idatzitako hiru nobela ditu: Bilbao-New York-Bilbao, Mussche eta, oraingoz azkena, Elkarrekin esnatzeko ordua. Sari ugari jasoa da, besteak beste Narratibako Sari Nazionala 2009an. Aurten bertan jaso du, halaber, Espainiako Kritika Saria euskarazko liburuen artean, hau ere “Elkarrekin esnatzeko ordua” nobelagatik.