ZERTARAKO?
Helburua bikoitza da: euskararen transmisioa familian, eskolan eta gizartean bermatzea, eta Andoaingo gizarte bizitzan euskararen erabilera areagotzea, erabilera formala eta ez formala.
Honela definitzen du helburu nagusia ESEPek:
“Andoaingo udalerrian, udal jardunean bezala udalerriko gizarte bizitzan, hizkuntzak baliatzen ditugun askotariko funtzio eta guneetan, euskara ohikotasunez erabiltzen den komunikazio hizkuntza gisa indartzea eta handitzea, zehazki arlootan: aisian, hurbileko eta lagunarteko harremanetan, kulturgintzan, merkataritzan, ostalaritzan, zerbitzugintzan, eskoletako ikasgelaz kanpoko harremanetan eta eskolaz kanpoko prestakuntza jardueretan, betiere arreta berezia jarriz etxetik euskaldun direnen hizkuntza erabileretan, euskaldun berrien etxeko transmisioan eta haur eta gazteen hizkuntz erabilera eta ohituretan, eurek dituzten erabilera aukerei eta gaitasunei erreparatuz, hain zuen ere euren euskararen erabilera gero eta naturalagoa izan dadin”.
Bide hori denen artean egiteko, hiru helburu estrategiko identifikatu dira: euskararen jabekuntza, zehazki familian, eskolan eta helduen euskalduntze bidez; euskararen erabilera, hori baita euskararen osasunaren neurgailu nagusia; eta euskararen elikadura, euskarazko edukiak sortu, zabaldu eta kontsumitzea helburutzat hartuta.
Helburu estrategiko hauek garatzeko garrantzi handia izango du herritarrak sentiberatu eta motibatzeak, euskaraz badakitenek gero eta gehiago eta gero eta pertsona gehiagorekin euskaraz egin dezaten, eta euskararik ez dakitenei jakin-mina piztu eta euskararako bidea egiteko laguntza eskainiz.
ESEP honen eskutik, Andoaingo Udalak ahalegin berezia egingo du hizkuntza eskubideak efektiboki errespeta daitezen, elkarbizitza harmoniatsu baten alde, herritarrak babestuz beren hizkuntza hautua egin eta praktikara eramatekoan, edozein delarik ere beren hautua bi hizkuntza ofizialen artean.
NON?
-
Familia bidezko transmisioan.
-
Irakaskuntzan.
-
Helduen euskalduntze eta alfabetatzean.
-
Etorri berrien eta kulturartekotasunaren esparruan.
-
Administrazioan: Andoaingo Udalean eta Bake Epaitegian.
-
Esparru sozio-ekonomikoan.
-
Aisian eta kirolean.
-
Kulturgintzan.
-
Euskararen corpusean.
-
Komunikazioan: hedabideak, IKTak.