2021eko Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan, eta Topaguneak antolatutako Haurren aurrean helduok heldu kanpainaren helburuarekin ere bat bat eginez, Andoaingo Udalak, Aiurri hedabideak, Galardi Haurreskolak, Ondarreta eta La Salle-Berrozpe ikastetxeek eta Aita Larramendi Ikastolak, abenduaren 13ko astean, OGIA EZ DADILA FALTA… EZTA EUSKARA ERE! izeneko kanpaina burutuko dute.
Gure herrian hizkuntza askoren arteko elkarbizitza dago, eta horren isla dira gure ikastetxeak eta haurreskola. Norberaren hizkuntza eta kultura oinarri izanik, haurrak euskaran murgiltzeko eta hizkuntzaren transmisioa egiteko gonbita luzatuko diegu Andoaingo familiei. Horretarako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek eskuorri bat eta ogi txiki bat jasoko dituzte gelan aste honetan zehar, gero etxera eramateko eta familian konpartitzeko. Ogiaren sinbolismoa erabili dugu adierazteko ogia egunerokoa den bezalaxe, euskara ere hala behar lukeela.
Eskuorrian euskararen transmisioak duen garrantzia azaltzen da, eta hori bermatzeko hainbat aholku jasotzen dira, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz. Aldi berean, urtarriletik ekainera bitarteko egutegia ere badago, eta hilabete bakoitzerako erronka bat jartzea proposatzen zaio familiari. Erronka, noski, familiaren euskara gaitasunaren arabera izango da, familia euskaldunentzat, adibidez, euskaraz dakiten guztiekin euskaraz aritzea izan daiteke erronka, beste familia batzuentzat, berriz, euskarazko filma bat ikustea… Erronka horiek ikasgeletan eta familietan lantzen joango dira ekain bitartean, eta aukera ederra eskainiko dute eskolan eta familian euskararen inguruan hitz egiteko.