Euskara Andoainen

Datu soziolinguistikoak

Andoainen euskararen egoerak pixkanaka eta nabarmen egin du aurrera azken bizpahiru hamarraldietan. EUSTATek 2021ean jasotakoaren arabera, gaitasunari dagokionez, hauexek dira Andoaingo datuak:

  • Euskaldunak: %57,03
  • Ia euskaldunak: %18,46
  • Erdaldunak: %24,51

Bestalde, honako datuak ere jasotzen dira:

  • Andoaindarren %30,4k dute euskara lehen hizkuntza.
  • Andoaindarren %20k dute euskara etxeko hizkuntza

Eguneroko bizitzan gero eta gehiago erabiltzen den hizkuntza izatea da euskara bizirik eta gero eta indartsuago nahi dugun guztion erronka.

Kale Neurketa

ZENBAT EUSKARA ENTZUTEN DA ANDOAINGO KALEETAN?

Euskararen osasunaren berri izateko, argigarria da erabilera zenbatekoa eta nolakoa den jakitea. Ez baita neurri berean erabiltzen etxean edo eskolan, kalean haurrekin edo helduekin hitz egiterakoan, dendetan edo udaletxean, gazteen edo helduen artean… Zenbateraino erabiltzen ote da euskara Andoaingo merkataritzan, udaletxean, finantza entitateetan, ostalaritzan, lantokietan, lagunartean, anbulatorioan, merkatuan, kirolean, etxean… azken batean, eguneroko bizitzan, zenbat? Eta zenbateraino erabiltzen ote da euskara kalean bertan (ez ostalaritzan edo dendetan edo banketxean edo lantokian, kalean baizik)?

Hementxe duzu informazioa eskura, ez aurreko guztiaz, ezta gutxiagorik ere, baina bai kalean bertan egiten den euskararen erabileraz. 2021eko hondarrean, Udalaren enkarguz, Soziolinguistika Klusterrak egin zuen bost urtez behin egiten duen Andoaingo euskararen kaleko erabileraren neurketa. Hain zuzen azterlan horixe da hemen eskura dagoena. Azterlan honetan jasotzen dena da Andoaingo kaleetan zenbat euskara entzuten den, edo zehatzago esanda, kalean izaten diren elkarrizketetatik zenbat diren euskaraz (zenbat elkarrizketa diren euskaraz eta elkarrizketa horiek zein adinetako herritarren artekoak diren).

Guztira 11.074 elkarrizketa jaso dira, eta horietatik 2.216  izan dira euskaraz, beraz %20. Horrek esan nahi du duela bost urte baino 1,6 puntu beherago ( 2016an %21,6 izan baitziren euskaraz). Hogei urteko bilakaerari erreparatuz, ordea, neurraldiz neurraldi gorabeherak izan dira, nabarmentzekoa da, oro har, euskararen erabilera %20 inguruan dagoela, aldaketa handirik gabe.

Testuinguru honetan euskara erabiltzea da euskararen alde egin dezakegun gauzarik onena:

AHOZ AHO, BIZI-BIZI.

Kale Neurketa 2021

 

Euskararen Aholku Batzordeak

eab
Euskararen Aholku Batzordeak (EAB) Udalak eta herrian euskararen erabilera handitzeko interesa duten herritarrek osatzen dute. Urtean bi aldiz, gutxienez, biltzen da, eta batzorde horren helburuak dira:

  • Jarraipena egitea eta aholkuak ematea:
    • Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) inguruan.
    • ESEP garatzeko urtez urteko kudeaketa planaren inguruan.
  • Oro har, Andoaingo udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko jarduerak aztertzea eta proposatzea, beti ere Andoaingo Udalaren eraginpeko esparruetan.