Sariez gain bi aipamen berezi ere egingo dira aurten: Eguna, euskaraz egindako lehen egunkaria, eta Ortzadar, asteroko gehigarria
Uztailaren 8an, larunbatean, ezagutzera emango dira 2017ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak Andoainen, Bastero Kulturgunean, eguerdiko 12etan izango den sari-banaketa ekitaldian. Aurtengoa XXIX. edizioa da. Hogeita hamar urte betetzeko atarira iritsi da, hortaz, euskal kazetaritzaren sari aitzindari eta dekanoa den Rikardo Arregi Kazetaritza Saria.
Saritutako lanak eta kazetariak nortzuek diren jakiteko, beraz, larunbatera arte itxaron beharko da. Baina aurten, sariez gain, bi “Aipamen berezi” ere egitea erabaki du epaimahaiak: EGUNA euskaraz egindako lehen egunkariaren aipamen berezia batetik, eta Ortzadar asteroko gehigarriarena, bestetik. “Euzkadi” egunkariaren enpresa berekoa zen EGUNA, baina zuzendaritza eta erredakzio talde propioa zituen. EGUNA da euskaraz egindako lehen egunkaria. 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zuten, Bilbon. Garai hartako jazarraldi faxistaren eraginez, ibilaldi laburra izan zuen, sei hilabete eskasekoa, eta 139 zenbaki. Euskal kazetaritzaren joan-etorrian mugarri garrantzitsua eta goraipatzekoa da EGUNA, eta horregatik, aurten 80 urte bete direnez sortu eta kalean iraun zuela, Aipamen berezia egitea erabaki da. Bizkaiko Foru Liburutegia da Euskal Herrian gure egunetara iritsia den EGUNAren bilduma oso eta ezagun bakarra gorde duena, aurrena ezinbestez “ezkutuan” eta gero jendaurrean.
Ortzadar asteroko gehigarriak 20 urte bete ditu asterik aste euskarazko literatur eta kultur sorkuntzaren berri ematen. Deiak 1997an sortua, Noticias taldeak kaleratzen du astero. Erdal hedabide batean leku propioa, txikia bada ere, lortu izana aintzat hartu nahi izan du epaimahaiak haren 20. urtebetetzean.
Andoaingo Udalak sortu zuen duela hogeita bederatzi urte Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta harrezkero urterik urte, hutsik egin gabe, egin du deialdia, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz. Urtero ematen du Eusko Jaurlaritzak Sariaren garapenerako behar-beharrezkoa den dirulaguntza. Asko aldatu dira euskarazko kazetaritzaren egoera eta nondik norakoa Kazetaritza Sari honen hogeita bederatzi urteko bizialdian. Nolanahi ere, sortu zenean bezala orain ere, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua da euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea.
XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian hiru sari emateko aukera du epaimahaiak: “Kazetari berria” saria 27 urtez azpikoentzako, “Epamahaiaren sari berezia” eta sari nagusia den “Rikardo Arregi Kazetaritza Saria”. Sari nagusiaren irabazleak 9.000 euro garbi eta “kazetari berria” atalarenak 3.000 euro garbi jasoko dituzte, Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura banarekin batera. Epaimahaiaren sari berezirik balego, Xabier Lakaren serigrafia eskuratuko dute. Hori guztia uztailaren 8 eguerdian ezagutuko da Andoaingo Bastero Kulturgunean.
Aurtengo epaimahaia osatu dutenak ondorengoak dira: mahaikide izan dira komunikazio arloko adituak diren Goio Arana, Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Maria Gonzalez Gorosarri, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Goizalde Landabaso, kazetari eta idazlea, eta Xabier Landabidea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea; eta mahaiburu eta idazkari lanetan aritu dira, hurrenez hurren, Ainara Rodríguez, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia, eta Patxi Baztarrika, Euskara Zerbitzuaren arduraduna.
Uztailaren 8an izango den sariak ezagutzera eman eta banatzeko ekitaldian emango dira, halaber, EGUNA eta Ortzadarren Aipamen berezien agiri-diplomak. Sari-banaketa ekitaldia bertaratu nahi duen edonorentzat irekita dago, eta bertan izango dira, beste zenbaiten artean, saridunak ez ezik, epaimahaikideak, Rikardo Arregiren familiakoak, Ana Carrere Andoaingo alkatea eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea.