Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 36. edizioaren oinarriak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Andoaingo Buruntzako San Martin aztarnategian. Horretarako bertaratu dira haraino Marta Lasa, Andoaingo Udaleko Euskara Zinegotzia, Estibalitz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko behin-behineko Zuzendaria eta Mikel Arregi, Rikardoren anaia gazteena. (ikusi prentsa-oharra)
Aurten ere, bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Honenbestez, finalistak izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango duelarik, baina finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana.
Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.
Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 20ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.
Epaimahaia ondorengo kideek osatzen dute: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria) eta Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.