Izen ematea: https://labur.eus/EuskaraFamilian2026
Andoaingo Udaleko Euskara lansailak, herriko lau ikastetxeen laguntzarekin, EUSKARA FAMILIAN ekimena antolatu du, laugarren ikasturtez. Gure haurrak ahalik eta euskal hiztun osatuenak izateko funtsezkoa da familiaren, eskolaren eta herriaren gogoak eta baliabideak konektatzea, eta horretarako jarri da abian programa hau. Hiru ekimen biltzen dira bertan, guztiak doakoak: euskara eskolak, Mintzalaguna proiektua eta familia lantegiak.
Euskara ez dakitenentzat: euskara eskolak
Haurrak ikastetxean dauden bitartean eta, taldea sortuz gero, ikastetxean bertan, gurasoei hasierako mailako euskara-eskolak (A1 eta A2 mailak) eskaintzen zaizkie astean bi egunetan. Euskara mailaren arabera antolatuko dira taldeak, eta komunikatzeko gaitasuna lantzea da helburua. Ikastaroak guztiz doakoak izango dira.
Euskara ikasten ari direnentzat edo hobetu nahi dutenentzat: Mintzalaguna
Euskaraz hitz egiteko ohitura duten gurasoak ohiturarik ez dutenekin elkartuko ditugu.
Ikastetxeko bi edo hiru haurren gurasoak, umeak ikastetxean utzi ondoren, kafetxo baten bueltan edo arratsaldean eskolatik ateratakoan, patioan bertan… aritu ahalko ira euskaraz, haiek adostutako lekuan, orduan, aukeratzen dituzten gaien inguruan eta nahi duten maiztasunarekin.
Euskara dakitenentzat: familia lantegiak
Guraso, zaintzaile euskaldun eta beren seme-alabentzat izango da aisialdi eskaintza hau. Helburu nagusiak: elkarrekin tarte atsegina pasatzea euskaraz. Horregatik parte-hartzaileei eskatzen zaie, jarduera iraun bitartean, euskaraz aritzeko konpromisoa.
Ikasturtean zehar jolasak eta lantegiak antolatuko ditugu, helduak eta haurrak batera aritzeko. HH2tik LH6 bitartekoek parte hartu ahalko dute, antzeko adin taldetan banatuta.
Izena ematen dutenek posta elektronikoz jasoko dute lantegien agendaren berri, eta gustuko duten lantegian eman ahal izango dute izena aldiro.
Informazio hau guztia ikastetxeek banatuko diete familiei irail eta urrian zehar, eta familiekin egiten diren bileretan ere horren aurkezpena egingo da. Izen-ematea ikastetxeetan bertan egin ahal izango dute, Udaleko Euskara Zerbitzuan, edo https://labur.eus/EuskaraFamilian2026 formularioaren bidez.



