Home > Destakatuak > XXIX. RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIRA LANAK AURKEZTEKO EPEA BUKATZERA DOA

XXIX. RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIRA LANAK AURKEZTEKO EPEA BUKATZERA DOA

Andoaingo Udalak lanak aurkeztera animatu ditu kazetariak

            Astebete bakarrik geratzen da. Maiatzaren 14an, igandea, amaituko da aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza Sarira lanak aurkezteko epea. Dagoeneko iritsi dira hainbat lan, prentsa idatzikoak eta ikus-entzunezkoak, Sari nagusirako ez ezik baita Kazetari berria atalerako ere. Azken aste honetan espero da lan gehiago jasotzea.

            Hogeita bederatzi urte beteko ditu aurten Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Aurtengo edizioaren oinarriak aurkeztu zituen Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko Euskara zinegotziak, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariarekin eta Unai Oiartzun kazetariarekin batera apirilaren hasieran Donostian egindako prentsaurrekoan. Oinarri horien arabera, bi sari nagusi banatuko dira: Rikardo Arregi Kazetaritza Sari Nagusia eta Kazetari Berria saria. 2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra arteko tartea da saritu litezkeen lanak kaleratzeko kontuan hartuko den epea. Sari Nagusia eskuratzeko aukera izango dute epe horretan egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistan euskaraz plazaratu diren lanek. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako eskultura. Kazetari Berria Sariak ezaugarri berak ditu epeari eta aurkeztu litezkeen lanei dagokienez, baina hogeita zazpi urtez behetikoek bakarrik dute sari hori eskuratzeko aukera. “Kazetari berria” ataleko saria 3.000 eurokoa da, eta Xabier Laka eskultorearen eskultura. Epaimahaiak hala nahiko balu, Sari Berezia ematea erabaki dezake. Kasu honetan, Xabier Lakaren serigrafia da saridunak eskuratuko lukeena.

            Aipatutako agerraldi publikoan Ainara Rodríguezek azpimarratu zuenez, saritua izateko ezinbestekoa  da aldez aurretik lanak aurkeztea, nahiz Sari Nagusirako, hala Kazetari Berria atalerako. Eta lanak aurkezteko epea maiatzaren 14 artekoa da. Lanak aurkeztera deitu ditu Rodríguezek kazetariak eta euskarazko komunikazioari modu batean edo bestean lotuta lanean ari diren hedabide, elkarte eta bestelakoak.

            Aurtengo Epaimahaia osatzen dutenak dira: Goio Arana, Maria Gonzalez de Gorosarri, Goizalde Landabaso, Xabier Landabidea, eta Ainara Rodríguez mahaiburua dena, eta Patxi Baztarrika idazkari lanetaz arduratuko dena.

            XXIX. edizio honetako sari banaketako ekitaldia uztailaren 8an izango da, Andoainen, Bastero Kulturgunean.

Oinarriak