“Baietz 1.000 aurten!”
Urnietan euskaltegia irekiko du AEK-k, eta Andoaingoa lekuz aldatuko da Udalaren beste eraikin batera
Buruntzaldeko herrietako euskaltegi guztietan dagoeneko zabalik dago 2017-2018 ikasturterako matrikula egiteko epea. Batzuetan irailaren azken astera arte egongo da irekita, baina beste batzuetan lehenago itxiko da. Horrela, bada, Lasarte-Oriako udal euskaltegian irailaren 15ean amaituko da matrikulazio epea, Hernanikoan irailaren 22an, eta gainontzeko guztietan, AEKren euskaltegietan, irailaren 29an. Goizez nahiz arratsaldez egin daiteke matrikula, euskaltegi bakoitzaren bulegoetan.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara zinegotzi nahiz teknikariak eta herri horietako euskaltegietako ordezkariak batzartu dira gaur Urnietako Lekaio Kultur Etxean, Buruntzaldeko euskaltegietako 2017-2018ko ikasturteari hasiera emateko. Ekitaldian Buruntzaldeko herritarrei dei egin diete 2017-2018 ikasturtean euskara ikasteko pausoa ematera anima daitezen eta, horretarako, euskaltegira hurbil daitezen.
Adierazi dute, apustu segurua eta merezi duen ahalegina dela euskara ikastea. Dei hori esaldi bakar batera ekarri dute: “euskara ikasiz, dena irabazteko eta ezer ez galtzeko”.
Pasa den ikasturtean, 2016 – 2017koan alegia, 946 ikasle aritu dira Buruntzaldeko euskaltegietan. Kopuru hori pixka bat behintzat handitzeko helburua adierazi dute. Horregatik Buruntzaldeko zortzi euskaltegien artean “Baietz 1.000 aurten!” leloa errealitate bihurtzeko ilusioa azaldu dute.
Buruntzaldeko herri guztietan dago eskura euskara ikasteko aukera, herri guztietan baitago euskaltegia eta, gainera, ikasturte berri honetan ere herri guztietan emango baitituzte udalek dirulaguntza bikainak euskaltegiren batean euskara ikasteagatik.
Buruntzaldeko sei herrietan aurten 8 euskaltegi izango dira: Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen AEKren euskaltegi bana, eta Hernani eta Lasarte-Orian bina euskaltegi (udal euskaltegiak eta AEKrenak). AEKren euskaltegi guztiak HABEk homologatutakoak dira.
Euskaltegiei dagokienez, aurten badira bi nobedade, Urnietan eta Andoainen. Urnietan AEK-k zentro berria izango du; Errekalde kaleko 1 zenbakian dago kokatua. Eta Andoainen tokiz aldatuko da euskaltegia: Plazaola kaleko 2 zenbakian izango du egoitza berria, orain arte Gurutze Gorriak erabiltzen zuen lokalean hain zuzen ere. Datozen 15 urteetarako aipatutako lokalaren lagapena egin dio Andoaingo Udalak AEKri.
Oso zabala eta askotarikoa da euskaltegiek egiten duten eskaintza: hasierako mailetatik C1 (EGA) eta C2 arteko ikastaldiak, autoikaskuntza, euskarako titulu ofizial eta homologatu guztietarako prestakuntza, A1 eta A2 eta B1 tituluak euskaltegian bertan eskuratzeko aukera, ikastaroak goizez eta arratsaldez, egunerokoak eta ordu-kopuru baxuetakoak, AISA, gurasoentzako taldeak, mintzajarduna hobetzeko taldeak, eta abar.
Heldutan euskara ikasteko dirulaguntza handiak dituzte eskura Buruntzaldeko herritarrek. Alde batetik, HABEk berak matrikularen zati handi baten neurriko dirulaguntza emango die aurten ere A1etik C2ra arteko ikasmailaren bat gainditzen duten ikasleei. Bestetik, Buruntzaldeko sei udalek dirulaguntza handiak emango dizkiete bertako herritarrei euskaltegietan euskara ikasteko. Dirulaguntza horiek ezberdinak dira herriz herri, bai diru-kopuruari dagokionez eta baita ere bete beharreko baldintzei dagokienez. Asistentzia maila da herri guztietan kontuan hartzen den baldintza, eta dirulaguntzaren tamaina herriz herri aldatzen da beste zenbait baldintzaren arabera. Batez beste, matrikula kostuen % 75etik % 100 arteko dirulaguntzak emango dira, esan bezala herriz herri diferenteak direnak.
Informazio gehiago eskuratu daiteke, bai dirulaguntzei buruz eta baita ere euskaltegien eskaintzaren gainean, www.buruntzaldea.eus webgunean eta udalen eta euskaltegien webguneetan.
Buruntzaldeko udalek herritarrei dei egiten diete euskaltegietan matrikula egin dezaten, denen artean “Baietz 1.000 aurten!” leloa egia bihurtuz eta kontuan hartuz “euskara ikasiz, dena irabazteko eta ezer ez galtzeko” daukagula.
Urnietako Lekaio Kultur Etxea, 2017ko irailaren 6an.