Home > Destakatuak > XXXIV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria abian

XXXIV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria abian

Irailaren 16ean amaituko da Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia egin du Andoaingo Udalak, eta urtero moduan deialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Andoaingo Udalaren aldetik Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi eta alkateordeak, eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak hartu dute parte ekitaldian.

XXXIV. edizioa da aurtengoa eta, orain hiru urte hasitako berrikuntzei jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Gainera, finalistak ere izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango duelarik, baina finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana.

Irabazleen izenak azaroaren 30ean Bastero Kulturgunean egingo den ekitaldian emango dira ezagutzera.

Oinarriak

Informazio gehiago