Atzo Bastero Kulturgunean egin zen aurkezpenean eta ondorengo solasaldian 2021ean Andoaingo kaleetan Soziolinguistikako Klusterrak eginiko behaketaren emaitzak aurkeztu ziren. Hauexek horietako batzuk:
- Elkarrizketen %20 euskaraz, %78,5 gaztelaniaz, eta %1,5 beste hizkuntzetan.
- Azkeneko 20 urtean euskararen erabilera %16,6tik %20ra pasa da, nahiz eta tartean gorabehera batzuk egon diren, 2006an, adibidez, %26,4ko erabilera jaso zen, eta 2011n, berriz, %%16,6. Erabilerak puntu eta erdi egin du behera azken bost urteetan.
- Andoaindarren %57k euskaraz aritzeko gaitasuna du, eta beste %17,7 ulertzeko gai da.
- Andoaindarren %31,4k dute euskara lehenengo hizkuntza, eta %24,1ek du euskara etxeko hizkuntza
- Aldeak badira herriaren zonaldeen arabera: erabilera altuena jaso da Dr. Huizi-Bastero-Ondarreta eremuan (%31,3) eta baxuena Ama Kandida-Bazkardo-Mimendi eremuan (%9,3). Nabarmentzekoa da 2016ko neurketalditik 12 puntu igo dela erabilera Dr. Huizi-Bastero-Ondarreta eremuan.
- Ez dago alderik emakumezkoen eta gizonezkoen euskararen erabileraren artean.
- Adinari erreparatuta: Haurrek (2-14 urte) %30,5eko erabilera dute, Gazteek (15-24 urte) %13,9, Heldu gazteek (25-44 urte) %27,7, Heldu Nagusiek (45-64 urte) %15,5, Adinekoek (64 urte baino gehiago) %11,1.
- Adin-talde guztietan egiten da euskaraz gehiago adin desberdinetako lagunez osatutako taldeetan, adinkideekin osatutakoetan baino.
- Haurren presentziak eragin zuzena du euskararen erabileran.
- Gazteen arteko erabilera azkeneko bost urteetan %24,4tik %12.5era jaitsi da.
Datu horiek dena partekatu dira solasaldian, Garbiñe Agirre, Andoni Etxezarreta eta Peio Manterola herritarren laguntzaz.