- ekitaldia hau amaitu da.
Liburu ikuskizuna: Profesionalak izan ginen urtea
6 otsaila @ 6:30 pm - 8:00 pm
Lanartea elkartearen liburua ikuskizun
- Otsailaren 6an, asteartean, 18:30ean Bastero Kulturgunean
- Koldo Izagirre, Joseba Tapia eta lagunen eskutik.
- Bertaratzen diren lehenengo 30 herritarrek liburuaren ale bat jasoko dute.
1975a Emakumearen Urtea izan zen bezala, 1976 hura Euskal Prentsaren Urtea izatea erabaki zuten euskarazko hedabideek (Zeruko Argia, Anaitasuna, Goiz Argi). Erabaki horren arrazoia zen euskal prentsan idazteak doako militantzia suposatzen zuela. Horrela, ezin informazioa hedatu, artilukuak eta iritziak ez baitziren aski garaiko errealitatea islatzeko: errepresio politikoa, talde parapolizialen atentatuak, ETAren atentatuak, alderdi politikoan sorrera, euskal kulturaren bazterketa politikaren mesedetan, eta abar.
Horiek horrela, euskal prentsak erdarazko hedabideek isiltzen zituztenak atera zituen argitara askotan, isunak isun eta zentsurak zentsura. Era berean, belaunaldi berri bat hasi zen euskaraz idazten eta idaztetik bizitzen, hedabideek lagundu zuten euskara batua finkatzen eta sinesgarritasun handia jaso zuten irakurleen artean.
Garai eta prozesu hori da Profesionalak izan ginen urtea liburuan islatu nahi duena Lanartea elkarteak. Horretarako, euskal prentsaren kezka nagusiak, euskararen egoerari buruzko salaketak, sortzeko zegoen unibertsitateari buruzko iritziak, erakundetzen hasiak ziren emakume feministen ardurak… jaso eta antolatu ditu testu laburretan eta Juan Karlos Egillor, Jon Zabaleta, Antton Olariaga eta Garbiñe Ubedaren irudiak lagun. Era berean, garai hartako bi lekuko nagusiren elkarrizketak topatuko ditugu liburuan: Elixabete Garmendia eta Antton Olariaga, zein baino zein interesgarriagoa gure kulturaren garapena ulertzeko eta euskararen langile profesionalen merituak gogoan hartzeko.
Otsailaren 6an, Andoaingo Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan, hitza eta musika uztartuz, Lanartea elkartearen kideek ikuskizun bihurtuko dute liburua. Sarrera doakoa da, eta bertaratzen diren lehenengo 30 lagunek liburuaren ale bat jasoko dute.