Martxan da 2021eko Gidabaimena euskaraz ekimena.
Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko zinegotzi arduradunak, Alexander Huitzik, eta Andoaingo Bengoetxea eta Mendi autoeskoletako ordezkariek aurkeztu dute GIDABAIMENA EUSKARAZ ekimena 2021. urte honetarako.
Urte honetan 18 urte betetzen dituzten andoaindarrei gutuna bidali die Udalak gidabaimena ateratzekotan dabiltzanei euskaraz egiteko animatuz. Kontuan hartu behar da azterketa prestatuko duten gazte gehienek D ereduan ikasi dutela, eta gaur egun oso material egokia topatuko dutela eskura eskualdeko autoeskoletan euskaraz trebatzeko.
Gainera, 2021. urtean zehar gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzen dutenen artean 400 euroko bi sari zozketatuko dira. Zozketan parte hartzeko nahitaezkoa da Buruntzaldeako herriren batean erroldatuta egotea.
Buruntzaldeko udalek antolatutako ekimena da hau: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo autoeskoletan eskaintzen da gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera. Informazio gehiago topatu ahalko da Andoaingo Bengoetxea eta Mendi autoeskoletan.